Aldaketa Gorpuzteko !  
2015eko Udal Hauteskundeak. PLAZ!, DONOSTIAKO HAUTAGAITZA FEMINISTA

#ITUALKATE #BOZKAPLAZ!

cartel_Plaz_1000_72

ARDATZAK

 Plaz-6295
Sexismoak, sexu eta generoen araberako banaketak, eragina du herritarren hierarkizazioan, eta gure gizartea ordenatu eta antolatu egiten du.

Esparru publikoari ematen dio garrantzia, eta ikusezin bihurtzen du etxeko esparrua. Gure gizarteak, funtsean, matxismoaren arabera egituratuak daude. Gizarte industrializatuen ardatza etekinak bildu eta eskala handian produzitzea da, natur baliabideez jabetzea, Hego globala espoliatzea eta bazter batean uztea, eta soldatarik gabeko lan feminizatuak ikusezin bihurtzea.

Burtsak, merkatu handiek ez dute aberastasunik sortzen: finantza etekinak sortzen dituzte; hau da, boterea gutxi batzuen esku pilatzea. Berdintasuna orain egiazkoa balitz bezala saltzen da, baina gizartea sexuaren arabera zatitua eta hierarkizatua dago: gizonek gehiago irabazten dute; haien lanak garrantzitsuagoak dira, eta oraindik ere emakumeek murrizten dute lanaldia haurrak hazi eta inguruko pertsona menpekoak zaintzeko; haurdunaldia da, orain ere, lan diskriminazioaren motiborik handiena; eta indarkeria eguneroko ogia da, emakumeen eskubideen urraketa bezalaxe.

Gure gizarteek aldatu beharra daukate: kasu egin behar diogu egiaz garrantzia duen horri; bestelako antolamendu bat behar dugu, gure lanak balio izan dezan berdintasunezko gizarte bideragarri batean bizi ahal izateko, eta gizarte horien helburu nagusia izan dadin biztanleen zaintza eta zoriontasuna.

Gaur egun, murrizketek kalte handiagoa egiten digute bai emakumeei eta bai bizitzen segitzeko egiten dugun lanari: osasun arloan, hezkuntzan eta mendekotasunaren sostenguan eginiko murrizketek, lanaldi laburpenek, pentsio ezin txikiagoek berekin dakarte emakumeek eutsi behar izatea krisi honen eragin makurrari. Horregatik, guk zibilizazio krisi batez hitz egiten dugu: ez da hasi finantza leherketarekin; aitzitik, egitura patriarkal batean ditu sustraiak, eta egitura horrek ondorioak ditu ingurumenean, erreprodukzio sozialean eta zaintzetan, eta agerian uzten du biziari nekez eusten dion sistema perbertso bat. Gaur egungo krisiak zerikusia du gure gizartearen egitura funtsezkoekin, gure antolaerarekin eta lehenesten ditugun gaiekin.

Politikaren ardatzean bizia jartzeak esan nahi du, lehenik eta behin, kontzeptu funtsezko batzuk bestela definitzea eta balio handiagoa ematea: lana, aberastasuna, ongizatea.

Ezinbestekoa da ondo bizitzeko ideia bestela planteatzea; era berean, auzitan jarri nahi dugu merkatuak eta kontsumo kapitalistak duten zentraltasuna. Izan ere, funtsezkoa da bizitza bideragarri baten aldeko ekintza jartzea gure politiken ardatzean, baita bizitzeko moduko bizitza baten aldeko ekintza ere, afektuei lehentasuna emanez, kasu eginez pertsonen arteko loturen eta zaintza kolektiboaren garrantzi sozialari, pertsona guztiak kalteberak eta elkarren mendeko direla onartuz. Orain arte, herritar eredu tradizionala hartu dute kontuan politika publikoetan: gizon heldua, zuria, erosahalmen ertain-handikoa, osasuntsua, autoktonoa, independentea, ibilgailu pribatuan mugitzen dena, familia erantzukizunei ihes egiten diena.

Horren ondorioz, ikusezin bihurtzen da gehienbat emakumeek hartzen dugula geure gain oinarrizko premiei erantzutea, eta gehienbat emakumeek egiten dugula etxeko lanak deiturikoak, kobratu gabe edo oso gutxi kobratuta. Esparru publikoaren eta esparru pribatuaren arteko banaketak sexuaren arabera sailkatu ditu lanak, eta balioa kendu die ugalketari, zaintzari eta hil aurreko laguntzari dagozkien lanei. Murrizketa bortitzak egitan ari diren garai honetan, babes gabezia gero eta handiagoa da; makroekonomiak gutxi batzuei bakarrik dakarkie onura, eta askok ez dute ezta argia pagatzeko ere. Biziari eta biziaren premiei lehentasuna eman behar die antolamendu sozialak, sistema patriarkalaren, merkatuen eta finantza kapital handien gainetik. Era berean, segurtatu behar du pertsona bakoitzak bere eskubideak izatea, kontuan hartu gabe zein den egoera zibila, heterosexuala edo lesbiana den, transexuala, zuria edo beltza.

plazfeminista_ezetz

Horregatik, arbuiatu egiten ditugu makroproiektu horiek guztiak: agerian geratu da ustelkeriaren sorburu direla, eta gutxi batzuek patrikak ondo bete dituzte haiei esker, herritarrek ordainduta. Politika publikoetan, kontuan hartu nahi ditugu pertsona guztien beharrak, batez ere ahulago eta bazterturik daudenen beharrak. Horregatik, lana eta denbora bestela banatzea nahi dugu, aberastasuna eta baliabideak bestela banatzea, eta horrek esan nahi du bestela banatu behar direla lanaldiak ere, eta laburtu ere bai; hartara, pertsona guztiek izango dugu duintasunez lan egiteko modua, soldata jaitsi gabe. Gainera, uste dugu garrantzitsua dela nagitasunerako eskubidea ere aldarrikatzea eta lana ez izatea herritarrei balioa emateko bide bakarra.

Politikaren ardatzean bizia jartzeak berekin dakar jarrera arduratsuak eta zintzoak izatea gure auzoen eta gure ingurumenaren etorkizuna diseinatzeko orduan. Espazioaren gozamen kolektibo eta askotarikoa sustatu nahi dugu, oraingo baliabideak arriskuan jarri gabe eta lehengoaz gainera ingurumenari kalte gehiago egin gabe.

Horrek esan nahi du, gainera, logika finantzario eta desarrollistei aurre egitea; izan ere, nagusiki horiek gidatzen dute diseinu urbanistikoa (etxegintza krisia), beretzat hartuz dohainik erabili ohi diren espazio kolektiboak (paisajea, isiltasuna, airearen kalitatea), eta gizarte eta genero segregazioa bultzatuz tokien erabilerari eta gozamenari dagokienez.

Azken batean, ezinbestekoa da kontzeptu hauei berriro heltzea: berdintasuna, iraunkortasuna, bizikidetza, hurbiltasuna, enpatia, gardentasuna eta elkartasuna. Eta ezinbestekoa da horien arabera jokatzea udal politiketan, eta, era berean, eguneroko beste bizimodu batzuen eraikuntzan parte hartzea; bizimodu horietan, gehiago bultzatuko litzateke harreman sozialak lantzea, asiarako denbora edukitzea eta bizimodua kolektiboagoa, inklusiboa, solidarioa eta ez-sexista izatea.

Donostiako Udalak badu nahiko eskumenik egituretan eta organizazioetan aldaketak egiteko; esaterako, zerga sistema solidarioagoa garatzeko, enplegu iraunkorragoak sortzeko, Donostian bizimodua hobetzeko helburua izango duten enpleguak sortzeko, horretarako kooperatiba integralak sortuz, non herritarrek beharrezko guztia izatea izango den garrantzitsuena. Era berean, badituzte eskumenak mendeko pertsonen zaintzari, espazio publikoaren kudeaketari eta parte hartzeari buruzkoak, eta horrek modua ematen du bestelako Donostia planteatu ahal izateko.

Urteetan, ikusi dugu erakundeak nola dabiltzan berdintasunaren itxura ematen.  Berdintasunaren diskurtsoa manipulatu egiten da, guztiak ia berdin segi dezan.

Gobernuek, alderdi politikoek baietz esaten digute, berdintasuna, justizia soziala badirela beren lehentasunen artean, baina gero ikusten dugu etengabe jaten dutela beren hitza. Legeak, planak, ordenantzak, protokoloak eta abar egiten dituzte, baina gero bete ez; txostenak egiten dituzte, baina gero ahaztu eta sekula aplikatu ez.

Berdintasun politikak beharrezkoak dira, batez ere, gizarte bidezkoago bat zortzeko, eta ez, askok hala uste badute ere, emakumeei bakarrik mesede egiteko. Gaur egun, politika publikoen ekitate faltaren ondorioz, herritar izateko eskubiderik gabe uzten dituzte emakumeak. Administrazioaren egiturak lerraturik daude guztiz; araudiak, erregelamenduak eta planak ez daude ekitate irizpideen arabera pentsatuak. Hasteko, berdintasun legeak bete beharra dago, gastu publikoaren auditoriak egin, genero ikuspegiko aurrekontu parte hartzaileak landu, eta aurrekontu publikoen eragina ikertu, hartara jakin ahal izateko administrazioa zer ari den indartzen, eta zer ez, kudeatzen ari den ordenantzetan, programetan eta zerbitzuetan. Herritarrek modua izan behar dute aurrekontuen eta administrazioaren proiektuen berri aise jasotzeko. Administrazioaren eginkizunetako bat da txostenak egitea eta informazioa ematea zuzeneko modu erraz eta soilean, herritarrek informazioa uler dezaten eta gastu publikoaren bidezko kontrola egin dezan, baita bultzatzen diren egitasmoen bidezko kontrola ere.

Garrantzitsua da bideak jartzea herritarrak antolatu eta mobilizatu daitezen, batetik, erakundeen jarduera fiskalizatu, exijitu eta ebaluatzeko, eta, bestetik, res publica-n parte hartzeko. Gaur egungo demokrazia ordezkatzailearen sistemaren ondorioz, herritarren ordez erabakitzen duen ordezkaritza bat gisa jokatzen du klase politikoak. Oraingo gobernu sistemak ez du biderik ematen herritarrek parte har dezaten. Guretzat, oso garrantzitsua da herritarrak aktiboak izatea eta baliabideak edukitzea dagozkien gaiak kudeatzeko, administrazioarekin batean; ezinbestekoa da horretarako denbora eta erritmoak kontuan hartzea. Horregatik aldatu behar da administrazioa antolatzeko era; izan ere, guztiz lerrotua da, eta begirada maskulino tradizionalaren bidez sortua. Boterea erabiltzeko eta ulertzeko beste modu bat defendatzen dugu, zeinaren arabera herritarrak aktiboak baitira “gauzak egiteko”, eta ez botereak gauzak inposatzeko.

plazfeminista_partaidetza

Berdintasuna eskubide funtsezko bat da, eta ez kanpainan erabili eta gero ahazteko elementu bat. Hala, harri eta zur ikusten dugu nola enkistatu diren 19 urtez Hondarribiko eta Irungo alardeetan izaniko gatazkak, eta nola administrazioak ez duen pertsonalik eta baliabide ekonomiko nahikorik berdintasuna eta parte hartzea kudeatzeko. Berdintasun politikak ez dira emakumeei dagozkienak bakarrik. Politikan ikuspegi feminista ez sartzeak berekin dakar administrazioak partzialak izatea, bizitzeko premiei lotutako gai oinarrizkoenak kontuan ez hartzea eta, esaterako, kirol makroestadioetako konponketa behargabeak egitea, hainbat pertsona argia, errenta edo janaria ezin pagaturik dabiltzan garai honetan.

Patriarkatuak sexuen hierarkian oinarritutako ordena bat sortu du, publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketan eta lan banaketa jakin batean oinarritutako ordena bat; genero rol eta estereotipoak, ordena horretan, gorputzen presondegi moduko batzuk dira, batez ere jaiotzean emakume gisa diagnostikatutako gorputzentzat, haiek hartu ohi baitute bere gain bizia aurrera ateratzeko lana, haiek egin ohi dituzte bizia zaindu eta sostengatzeko lan ikusezindu guztiak.

Patriarkatua erakunde askotan bermatzen da; besteak beste, Eliza katolikoan. Ez da onartzekoa Elizak, eta beste eragile erlijioso batzuek, parte hartzea beste eragile politiko bat balira bezala. Erlijioa esparru subjektibo bat da, eta ez da inposatu behar gizartean. Ez onartuzkoa da XXI. mendean erlijio erakunde arrunt sexista eta matxistek halako botere publikoa izatea, hainbeste pribilegio fiskal eta sozial izatea. Elizak ez du sartu behar bizitza publikoan, eta, era berean, men egin behar dio indarrean den legeari; berdintasun legeak onartu behar ditu, bere antolamendu patriarkala moldatu, eta utzi egin behar dio mezu sexista, lesbofobo, transfobo, arrazista eta abar zabaltzeari.

Subjektu neutralaren fikzioan bizi gara. Administrazioek masa uniforme baten gisan tratatzen dituzte herritarrak, eta ez dute kontuan hartzen haien aniztasuna, ezta gorputzek aurrera egiteko erabiltzen dituzten askotariko estrategiak ere.

Jakina, subjektu politikoaren eredua gizona da; zuzenean lotua dago esparru publikoarekin, lan merkatuarekin, eta, teorian, familia bat mantentzen du. Herritar eredu hori sortu dute gizarte modernoek, baina eredu horrek ez du zerikusirik errealitatearekin. Gizon kontzepzioa bera ere partziala da; izan ere, ez dira agerian jartzen subjektu horrek dituen behar asko. Gaur egun, sistema ekonomiko eta sozialak produktibitatearen zerbitzuan jartzen ditu gorputzak, norberaren zaintzaren eta iraupenaren zerbitzuan jarri beharrean: kapitala pilatzeko lan egitea bultzatzen du. Kapital horiek, ordea, sekula ez dira herritarrengana iristen: fortuna handietan pilatzen dira.

Komunikabideek eta errepresentazio hegemonikoek ikusezin bihurtzen dute gorputz aniztasuna. Gorputz eredu normatibo bat sortzen dute, sekula ez gaixotua, eta edertasunean eta genero estereotipoetan oinarritua. Ez da ezertxo ere esaten bestelako funtzionaltasuna duten gorputzez: ezindu deitzen zaie, produkzio kate kapitalistaren zerbitzuan ez daudelako. Baina gorputz ez-normatibo horiek, zeinek ihes egiten baitiote etengabe saltzen diguten perfekzio fikzio horri, balio dute bai bizitzeko eta bai bizitza bizigarriak izateko. Garrantzitsua da gorputzen aniztasuna kontuan izatea eta gure hiri eta herriak egokitzea, gorputz guztiek bizitza bizigarriak izan ditzaten. Eta garrantzitsua da, era berean, espazio seguruak sortzea, adeitsuak, bizitzeko eta ibiltzeko modukoak.

Oraingo gizarteak pitzatua du familia nuklearraren eredua, zeinean gizon batek soldata irabazten baitu eta emakume batek hura eta haurrak zaintzen baititu. Gero eta familia monomarental gehiago ikusten ditugu, eta beste bizikidetza eta iraupen unitate batzuk ere bai. Familia nuklearra inposatutako eredu bat da, sistema kapitalistarekin batean sortua. Aurreko familiak estentsiboak ziren, eta ez zituzten bereizten soldatapeko lana eta bizitzen segitzeko beharrezko lana (etxekoa). Gaur egun, patriarkatuak heterosexualitatea inposatu nahi du eredu bakar gisa, baina sexualitatea ez da naturala; familia nuklearraren eredua produktu historiko bat da, eta posible dira beste familia eredu solidarioago batzuk. Uste dugu “ezinbestean ama” izan beharra ezabatu behar dela emakumeen inkontziente kolektibotik; funtsezkoa da agerian uztea emakumeak berdin izan daitezkeela zoriontsu ama izanik nahiz izan gabe, heterosexualak nahiz lesbianak izanik, bestelako bizimoduak eta proiektuak sortuz, nahitaez familia nuklearraren eta espeziearen ugalketaren ingurukoak izan gabe.

plazfeminista_aniztasuna

Oraingo sistema ekonomiko eta sozialak kudeatu egiten du gizakiak nola ugaltzen diren, kapitala banatzeko sistema bat sortzeaz gain. Gizon eta emakume mota jakin batzuk produzitzen dira; eskulan elikatua eta ondo zaindua egotea bermatuz, oinarri sendoak ematen dizkio sistemari. Horren erakusgarri da gorputz haurdunen gaineko kontrola; abortu libre eta doakoari Estatuak emandako ezetzak argiro erakusten du Estatuak oso zorrotz kontrolatu nahi dituela emakumeak, gorputz ugaltzaileak.

Paradoxa bat da botere guztiek nola gaitzesten duten aho batez indarkeria matxista, baina jostailuen katalogoak irakurtzen baditugu, ikusten dugu nola kategorizatzen diren urdinaren eta arrosaren bitartez haurren ikasbiderako tresnak: mutilei pistolak oparitzen dizkiegu, action-man-ak, baloiak eta ezpatak, ikas dezaten, eta neskak, berriz, barbieekin entrenatzen ditugu, jaioberrien panpinekin eta minisukaldeekin. Gero eta gorputz gehiagok hausten dute heterosexualitatearen edo maskulinitate eta feminitate hegemonikoen logika inposatuarekin; eredu horrek indarkeria erabiltzen eta gorputza sendotzen erakusten die mutilei, eta eder eta ahul izaten neskei.

Marka biologikoak, genitalitateak, ez luke hain erabakigarria izan behar bizitzan. Gaur egun, nahiz eta ezkutatzen den, badakigu bi sexu baino gehiago daudela, eta ar eta eme ereduak eraikiak direla. Gero eta gorputz intersexual gehiago daude, genitalitatea ez maskulinoa eta ez femeninoa dutenak; gero eta gorputz transexual gehiago daude, jaiotzean sexu bat esleitzeari uko egiten diotenak. Gorputz horiek guztiek auzitan jartzen dute gorputzen kudeaketa hegemonikoa, eta agerian uzten dute faltsua dela izaera maskulinoaren eta femeninoaren diskurtsoa. Gorputzek eskubidea izan behar dute beren generoa, identitatea eta sexualitatea modu librean eraikitzeko, baita beste gorputz batzuekin elkartzeko ere familia nuklearraz bestelako bizikidetza eta familia unitateetan, hala nahi badute.

Bestelako gizarte bat behar dugu, non ez baita funtzio sozialik inposatuko gorputzen genitalitatean, arrazan, forman edo adinean oinarriturik. Horregatik, esaten dugu PlaZ! emakume plataforma bat baino askoz ere gehiago dela: PlaZ! plataforma feminista bat da, eta agerian utzi nahi du gorputz guztiei eragiten dietela matxismoak eta sexismoak, eta gure gizarteak aldatu behar ditugula.

Gorputzen premiak zaintzea ez da medikuntzaren eginkizun esklusiboa. Egiaz, gehiegizko medikalizazioa arrunt kaltegarria da. Gaur egun, medikuntzak, sendatu ez ezik, gorputzen irudi mekanizista bat ere ematen digu, eta gure gizartean nagusi diren balio hegemonikoetara lerratuta dago. Horren erakusgarri dira emakumeen arazoen gehiegizko ginekologizazioa, hormona gehiegi errezetatzea eta hartzea. Ohiko medikuntzak farmazia enpresekin duen lotura estuaren ondorioz, askotan interesak perbertitu egiten dira; halaxe gertatzen da, esaterako, gaixotasun mentalekin: gero eta nahasmendu psikiatriko gehiago definitzen dituzte, botika berriak sortu ahala. Drogak legez kanpokoak dira, baina medikuntzak eta farmazia enpresek legezko botikez leporaino jartzen dituzte herritarrak. Ez da ahaztu behar medikuntzak eta psikiatria hegemonikoek gaixo mentaltzat kondenatu zituztela lesbianak, eta beste hainbeste egiten dutela gaur egun transexualitatearekin. Klase medikoak kontrolatzen ditu orain ere generoa berrezartzeko operazioak: hark erabakitzen du nolakoa izan behar duten gizonen gorputzak eta emakumeen gorputzak, kontuan hartu gabe izan litezkeela emakume zakildunak eta gizon baginadunak. Kirurgia plastikoari ematen zaion garrantzia eta inbertsioa, esaterako, medikuntzaren erabilera txarraren beste erakusgarri bat da, kezkagarritzat jo behar duguna.

Bestelako zaintza eredu batzuk posible dira, eta beharrezko. Laguntza sozio-sanitarioa funtsezkoa da. Baita gure osasunaz eztabaidatu ahal izatea, behar bezalako informazioa izatea eta gure beharrei buruz erabaki ahal izatea ere. Gorputzak politika publikoen lehentasunezko elementua izan behar du, ez hura kontrolatzeko, baizik eta askatzeko eta autogestioa egiteko.

Komunikabideak, klase politikoa eta, oro har, jende guztia bide dago indarkeriaren kontra. Baina gezurra da. Indarkeria batzuek bakarrik molestatzen dute; beste batzuk zilegitzat jotzen dira, bultzatu eta praktikatu egiten dira.

Gizonek indarkeriaren monopolioa dute, emakumeen kontrako indarkeriaren monopolioa, eta horretan oinarritzen da oraingo gizarte eredua; estatuek, beren poliziekin, indarkeria erabiltzea justifikatzen dute komeni zaienean. Indarkeria sexista, homofobia, transfobia, lesbofobia, arrazakeria ez dira borrokatzen. Itxurak egiten dira, baina ez digute sekula aitortzen gure gizartea egituratzeko erabiltzen direla indarkeria horiek. Indarkeria matxistak segregazioa eragiten du espazioetan; emakumeak beti beldurrez bizitzea eragiten du. Kalera ateratzeko beldurrez, gauean bakarrik ibiltzeko beldurrez. Gure bizitzaren parte bat da beldurrez bizitzea, eta gizonen bizitzaren parte bat indarkeriaz jokatzeko entrenatua egotea. Salaketen eta emakume erailen eta bortxatuen kopuruek ez dakarte funtsezko aldaketarik; izan ere, funtsezko aldaketek aldatu egingo lituzkete harreman sozialak.

Aldaketa mamitsuak behar dira. Hasteko, emakumeei beren burua defenditzen erakustea. Ez da bidezkoa emakumeek, emakume izate hutsagatik, beldurrez eta defendatzeko modurik gabe bizi behar izatea.

Festa giroko eraso sexualak, hilketa gero eta ugariagoak, mikroindarkeriak, neskek eta emakumeek aurkeztutako salaketen egiazkotasuna zalantzan jartzeko joera, indarkeria banalizatuz eta zurituz botereguneetan eginiko deklarazio publikoak, sare sozialetako hitzezko indarkeria, komunikabideen trataera fribolo, apolitiko eta sentsazionalista: horrek guztiak agerian uzten du ez dela lehentasun bat klase politikoarentzat eta oraingo erakundeentzat.

plazfeminista_indarkeria1

Baliabide asko jarri behar dira indarkeria sexista bukatzeko. Gaur egun, salaketa da sistemaren ardatza, baina egin beharreko bide judizial eta polizialak, batzuetan, ez du lortzen biktimak berriz biktimizatzea baino. Ahalduntze prozesu kolektiboak behar dira, emakumeak jabetu gaitezen arazoa ez dela gurea: arazoa soziala da, kolektiboa, espazioen eta generoen segregazioa eragiten duena, eta emakumeak beldurrez bizitzera behartzen gaituena, gizonek indarkeria erabiltzen duten gizarte honetan.

Gaur egun, ez dira nahikoa indarkeria matxistari erantzuteko dauden zerbitzuak. Egoera erabat aldatu beharra dago. Lehenbailehen lortu behar da berdintasunean jantzita egotea indarkeria sufritu duten emakumeak artatzeko pertsonala. Emakumeei beren bizitza berregiten, lana aurkitzen lagunduko dioten prozesuak behar dira, eta beste bizimodu bati ekiteko etxeak. Baliabide gehiago behar dituzte indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeek, ez berriro biktimizatzea.

Ulertu beharra dago indarkeria matxistak adar asko dituela eta bikote heterosexualetan gertatzen den indarkeriatik harago doala. Lesbofobia, homofobia, transfobia, arrazakeria, hain zuzen, indarkeriaren aldaera batzuk dira, matxismoaren bitartez batzen eta egituratzen direnak. Indarkeria matxistaren parte dira bai normalen eta anormalen arteko bereizketa eta bai arautik kanpoko gorputzak zapaltzen dituen sistema. Funtsezkoa da bestelako gizarteak sustatzea: indarkeriaren erabilera baztertu egin behar da, eta utzi egin behar zaio batzuei indarkeria erabiltzen erakusteari eta beste batzuei biktima izaten erakusteari.

Historiako 2.000 urte baino gehiagoan, ahaztu egin zaigu bizitzea dela gizakiarentzat garrantzitsuena. Gaur egun, gizartean betetzen dugun funtzioaren arabera epaitzen dira gure bizitzak.

Oro har, esparru publikoan egiten diren lanek, nahiz eta kaltegarriak edo indarkeriaren erabileran oinarrituak izan, balio handiagoa dute esparru pribatuan egiten diren lanek baino, edo zaintzarekin zerikusia duten lanek baino. Horren erakusgarri dira etxeko langileen errealitatea, etxekoandreak langabetzat jotzea eta sexu langileak ostrazismo sozialera kondenatuak egotea.

Etxeko lanari eta sexu lanari erreparatuz gero, logika kolonialak eta zaintza kateak ikusten ditugu; logika horietan, lan merkatura ateratzen diren emakume eta gizonek emakume migratuak kontratatu behar dituzte zaintza lanak egiteko, eta, era berean, emakume horiek beste emakume batzuen esku uzten dute familia beren jatorrian. Sistema horrek pobretu egiten ditu emakumeen bizitzak, eta logika kolonialen mende uzten; horregatik, emakumeak ahaldundu beharra dago, baita ekonomia aldetik ere, ez baitugu alferrik hitz egiten pobreziaren feminizazioaz: badakigu pobreziak gehiago erasaten diela emakumeei, jaiotzean emakume gisa diagnostikatuak izate hutsagatik.

plazfeminista_zaintza

Horregatik guztiagatik, bestelako balioa eman behar diegu lanei, merkatuari ez baizik biziari zer ekartzen dioten kontuan harturik. Aberastasunaren kontzeptua aldatzen lagundu nahi dugu, gaur egun diru pilaketari lotua baitago. Guretzat, aberastasunak zerikusia du beharrei erantzutearekin eta bizikide ditugun elementuak —mendiak, ibaiak, itsasoak eta inguruko espazioa— kutsatu eta hondatuko ez dituen jarduera bat produzitzearekin. Garrantzitsua da enplegua sortzea, baina funtsezkoa da, era berean, zer enplegu mota sortu behar den galdetzea geure buruari. PlaZ!-ekoei elkar zainduko duten herritarrez osaturiko gizarte bat interesatzen zaigu: beharrei erantzun, gizarte bidezkoak sortu, bizitzari prekaritatea kendu eta bazterketa ezeztatu nahi duten komunitateak.

Genero aurrekontuen helburua ez da emakumeentzako aurrekontuak lortzea, baizik eta erakundeen lehentasunak bestela ezartzea, kontuan harturik emakumeen eta gizonen behar eta ekarpenak desberdinak direla.

Politika publikoetan ikuspegi feminista sartzeak esan nahi du politika eta programa guztietan gogoan izatea emakumeen eta gizonen interesak, beharrak, nahiak eta aukerak. Baita gizonen eta emakumeen arteko harreman hierarkikoak ere, bizitzaren arlo guztietan islatzen baitira.

Horretarako, ikuspuntu feminista sartu beharra dago agenda politiko nagusian, non erabaki guztiak hartzen baitira.

Politika feministak antolaketaren egiturari berari eragiten dio; prestakuntza eta sentsibilizazioa eskatzen du lanpostu guztietan, eta berdintasunari buruzko espezializazioa, berdintasuna bultzatzeko baldintza gisa.

Berdintasunari buruzko egiturek autonomia izan behar dute, gaur egun ez dutena, eta, era berean, aurrekontua, pertsonala eta garapen nahikoa behar dituzte arlo guztietan esku hartu ahal izateko.

plaZ! BIDEOKLIPA

 

JOSEBE ITURRIOZEN AURKEZPENA

 

IMG_3657

Prentsa-oharra

 

Irutxuloko Hitza

Berria

 


ELKARRIZKETA HAMAIKA TELEBISTAN

plaZ! HEDABIDEETAN 

HAUTAGAITZAREN AURKEZPENA

 

plazfeminista_aurkezpena1

 

 

KANPAINAREN BLOGA

PLAZ! HAUTAGAITZA

Josebe IturriozAktibista transfeminista

Filosofian lizentziatu nintzen. Medearen sortzaile, feminismo guztiak beharrezkoak direla uste dut. Niretzat feminismoa, jarrera politiko bat baino, bizitzeko modu bat da.

  •  
Ana TxurrukaAktibista transfeminista

Mugimendu feministan aktibista, eremu ezberdinetan borrokatzen dut (Medeak, Koordinadora Feminista, Transmarikabollo Koordinadora Feminista). Transfeminismoaren korrontean kokatzen naiz

  •  
Agurtza ZuberoBerdintasun-teknikaria

Ermukoa naiz eta 1987an Ermuko Emakumeen Kandidaturako kidea izan nintzen. 2007-11 agintaldian, Donostiako berdintasun zinegotziaren aholkularia. Garai hartan jarri zen martxan Donostiako Emakumeen Etxea, gure lorpenik handiena.

     
  •  

Juana Aranguren RicaAbokatu Feminista

Plazandreoken sortzaileenetako bat, hainbat alditan Donostiako Alkatetzarako hautagaia.

DONOSTIAKO UDALA ETA BERDINTASUNA

Berdintasunarekiko interesa elektorala baino ez da izan. Izan ere, Donostiako Udalak politikak sektorialak eta periferikoak jorratu ditu soilki

Politika transbersalak ez dira aurrera eraman. Ez zaie sekulan garrantzirik eman, eta, batik bat, inork ez du pentsatu feminismoa gai dela gobernu-proposamen oso bat egiteko. 

Aurrekontuak genero ikuspuntutik. Bai baina ez

Datu bakar honek islatzen du Udaletxeak berdintasun-politikei ematen dion garrrantzia: aurrekontuaren %0,1 -a zuzentzen da berdintasunera.

Behar-beharrezko aldaketa Udaletxeko antolakuntzan

Udaletxeko departamentuak hain atomizatuak daudenez, askotan suertatzen da Berdintasun-Atalak egindakoa beste edozeinek desegiten duela, ez baitute (esaterako Kultura- eta Kirol-Atalak) inolako berdintasun-oinarririk haien politikak diseinatzerakoan. 

BUSTI ZAITEZ

rev_woman.png

 


Zuk bezalako pertsonak behar ditugu.

PlaZAKO boluntarioa izan nahi? Jarri zaitez gurekin harremanetan.

Kanpaina luzea da eta gauza asko egin nahi ditugu. Horretarako dirua behar dugunez, laguntza-bonu batzuk izango dituzu zure eskura.

Gure asanbladetan parte hartu nahi? Animatu, ongi etorria izango zara eta!  Online-bisitak ere oso gustokoak ditugu. Beraz, nahi duzunean gure sareko-kontuetara jo eta parte hartu.