plaZ! -en aurkezpenaren prentsa-oharra
Loading Events
  • This event has passed.
  • STARTUrt 24th - 12:00am

  • ENDUrt 24th - 2:00pm

  • VENUEAltxerri Galeria

  • TICKET PRICE

plaZ! -en aurkezpenaren prentsa-oharra

PlaZ!-en ustez, pertsonen bizia jarri behar da udal politikaren erdigunean

 

“Kandidatura feminista gisa aurkezten gara, eta ez emakume plataforma gisa, feminismoa ez baitagokie emakumeei bakarrik: denonak dira sexu banaketa eta hierarkizazioaren ondorioz sorturiko arazoak. Izan ere, feminismoa proposamen holistikoa da, orokorra, eta ez politikaren eranskin bat, zinegotzi arlo batean edo berdintasun sailean mugatzeko modukoa”, nabarmendu du Josebe Iturriozek, Plaz! Donostian maiatzeko udal hauteskundeetara aurkezteko ekitaldian. Iturriozekin batean, Juana Aranguren, Ana Txurruka eta Agurtza Zubero aritu dira aurkezpenean, denak ere hiriko ekintzaile feminista ezagunak.

Plaz!, hain zuzen, Plazandreok plataforma politikoaren marka berria da. Plazandreok mugimendu aitzindaria izan zen Estatuan, eta 1995ean aurkeztu zen lehen aldiz udal hauteskundeetara; horrek balio izan du, Juana Aranguren abokatu feminista eta Plazandreok-en sortzaileetakoak dioenez, “gure arrastoa uzteko Donostian, ez hauteskundeetan nagusituz lortua, baizik eta etengabe lan ikusezin bat eginez, erakunde motel, burokratiko eta izugarri matxista eta androzentriko batzuei aurre eginez. Existitze hutsak, Kilker Hiztunarena egiteak beste alderdiak behartu ditu programetan eta agendetan berdintasuna sartzera”.

Arangurenek azaldu du aurrera segitzeko “ezinbestekoa” dela “aldatzea, beste diskurtso batzuei zabaltzea, zenbait ikuspegi feministak bat egiten duten plataforma politikoa izatea, eta lankide nahi ditugun beste eragile batzuk hartuko dituena, hala nola Kaleratzeak Stop, bestelako funtzionaltasunen taldeak, migratzaile kolektiboak eta beste gabetu batzuk”. Alde horretatik, Josebe Iturriozek adierazi du gaur egun honelako hainbat plataforma sortu direla: “Lehentasunak aldatu beharraz hitz egiten dute, herritarrek politika egiteaz, pertsonak erdigunean jarrita. Horixe esaten dugu guk aspalditik. Gainera, plataforma eta talde berri horiek bere egin dituzte ideia feminista asko, nahiz eta ez aitortu halakoak direla”.

Josebe Iturrioz indarkeria matxistez mintzatu da: “Asko kezkatzen gaitu; aspertuta gaude bake prozesu batean gaudela aditzeaz, eta indarkeria aipatzen denean ‘gatazkaz’ bakarrik mintzatzen aditzeaz. Gu, emakumeok, lesbianok, transexualok, immigranteok, bestelako funtziodunok, maritxuok, pobreok, indarkeriaz beteriko gizarte batzuetan bizi gara”. Krisia, hain zuzen, indarkeria antolatu bat da. “Garai nahasiak dira hauek; esaten digute murrizketak egin behar direla krisian gaudelako, baina gezurra da. Fortuna handiak gero eta handiagoak dira; bankuek, marka handiek etekinak dituzte. Kapitala berrantolatzen ari dira, pertsonen biziari balioa kentzen, zaintzari balioa kentzen, jendearen bizia saltzen ari dira, etekinen truke. Klase politiko gaixo batek gobernatzen du gure gizartea; pentsatzen du futbolari batek milioiak irabazi behar dituela eta zahar etxe batean edo adinekoak zaintzen lan egiten duenak ez duela kobratu behar ezta mila euro ere”.

Donostiako berdintasun politikei dagokienez, Ana Txurrukak eta Agurtza Zuberok azaldu dute Donostiako Udalak ibilbide laburra egin duela berdintasun planak ezartzeko lanean (2000. urteaz geroztik daude indarrean), eta hauxe azpimarratu dute: “Oro har, alderdi politikoek hauteskundeei begira bakarrik agertu dute interesa berdintasunaren inguruan, politikoki zuzena den horren barruan, baina egiatako konpromiso sendo etengabea hartu gabe. Eta hori igarri egiten da. Berdintasun politikak ez dira izan lehentasuna haietako inorentzat; ez gobernuek eta ez oposizioek ez dute lan sakonik egin Donostia ikuspegi feminista batez hobetzeko. Gehienetan, errenta politikoa lortzeko tresnak izan dira berdintasun gaiak: argazki bat atera bai, esanez zein berdinzaleak diren, baina besterik ez. Ez da politika transbertsalik egin, eta, batez ere, inork ez du pentsatu feminismoak gobernu proposamen erabatekoa egin dezakeenik. Hauxe gaineratu dute: “Egia esanda, azken bi agintaldietan aldaketa bat izan, hobera, baina ez gobernuko alderdiek dagokion garrantzia eman diotelako, baizik eta alderdi horretako emakume feministek hori lortzeko borroka egin dutelako barnean”.

Aurrekontuei dagokienez, “%0,1 baino ez da erabiltzen berdintasun politiketan, eta hori eskandalu bat da”, nabarmendu du Ana Txurrukak. “Kontuan hartzen badugu mugikortasun sailean %15 erabiltzen dela, udaltzaingoan %6,4, eta hirigintzan %5,8, argi eta garbi ikusten dugu udal honetan zertan jartzen den indarra”. Gogoan izanik emakumeak biztanleen erdiak direla eta gainerako politikak androzentrikoak direla oraindik, horrek esan nahi du aurrekontuaren %0,1 biztanleen %50entzat dela eta egiten ari diren politikek sexismoa zilegitzen dutela, ez dela ezertxo ere egiten gauzak alda daitezen”.

Donostiako Udalean politika egiteko moduak alda daitezen, Plaz!-en ustez ezinbestekoa da udalaren organizazio kultura aldatzea. “Udala malgutasun gutxiko sailez dago egituratua, eta oso zaila da politika eta neurri transbertsalak martxan jartzea. Sailak itxita daude, koordinaziorik gabe atomizatuta, eta horrek berekin ekartzen du politika guztiz kontrajarriak egitea. Esaterako, kirol patronatuak desegin egiten du berdintasun sailean egiten dena, bere politika orokorrak zehazteko orduan ez duelako kontuan hartzen bere esparruko diskriminazio estrukturala, politika eta neurri androzentrikoak hartzen dituelako, eta batzuetan, segregazio neurriak ere bai, kirolean berdintasuna izatea eragozten dutenak“. Azken batean, “bizia eta pertsonen zaintza jarri nahi dugu udal jardunaren ardatz; jendearen arazoak ezin dira izan gizarte zerbitzuen eta halakoen kontua bakarrik. Ezinbestekoa da udala bere osoan, bere sail, patronatu eta enpresa publiko guztiekin, honetan zentratuta egotea: donostiarren bizitza hobetzea, batez ere prekarioen eta ahulenak diren pertsonen bizitza”.

Herritarren parte hartzeari dagokionez, nahiz eta agintaldi honetan garrantzia eman zaion, Plaz!-en ustez “gabeziak daude oraindik ere, ez baita kontuan hartu emakume zaintzaile eta/edo emigrante askoren errealitatea, haiek parte hartzea errazteko”. Gainera, orain dela hilabete gutxi aldatua da kontseiluen araudia, eta herritarrak eta elkarte parte hartzaileak kontuan hartu gabe onartu da. “Oposizioen jarrerak salatu nahi ditugu, komunikabideetan atera eta albiste iturri izan beste helbururik ez zutelako, eta ez zaielako batere inporta izan parte hartzaileen iritzia”. Kontseiluak aholku organoak dira orain ere “eta muga horiek hautsi nahi ditugu; parte hartzea errealagoa izatea nahi dugu, eta erabakiak modu horizontalagoan hartzea”.

Hautagaitzaren aurkezpenean, Plaz!-ek bereziki aipatu du Donostiako Emakumeen Etxea. “Orain dela bost urte sortu zen, urte askoan presioa egin, negoziatu eta parte hartu eta gero. Hiri guztiari eragiten dion proiektu feminista bat da, gune propio bat, oso elkarte sare interesgarria sortu duena. Gainera, eredu egoki bat da parte hartzea bultzatzeko eta gizarte mugimenduen eta udalaren arteko elkarlana lantzeko. Nolanahi ere, Okendoko Emakumeen Etxea txikia geratu da, eta ez da nahikoa”.

AURKEZPENAREN IRUDIAK 

ETB

Aipamenak hedabideetan

Berria

Argia

Diario Vasco

Noticias de Gipuzkoa

Ecuador Etxearen Bloga

Details

Date:
2015-01-24
Time:
12:00 am - 2:00 pm
Website:
http://www.altxerri.eu

Venue

Altxerri Galeria
Reina Regente Kalea, 2, Donostia, Gipuzkoa 20003 Spain
+ Google Map
Phone:
+34 943 42 16 93
Website:
http://www.altxerri.eu
VENUE MAP