Danimarkako neska(k)
Duela pare bat urte ezustean irudi bitxi batzuekin egin nuen topo interneten. Danimarkan jaioa 1885ean, egileak Gerda Wegener zuen izena. Besterik ez. Salvame espioitza-lanari ekion nion segituan, hain bereziak eta ikusgarriak iruditu zitzaizkidan aurkitutako haren irudi erotikoak. Eta, egia esan, Gerdaren joan-etorriek erabat asetu zuten nire txisme-gose hura. Izan ere, aurkitu nuen istorioa bitxia zen oso.
Gerdak Einar Wegener artista ezagutu zuen Kopenhageko Arte Eskolan eta topo egite horrek zeharo eraldatu zituen bien bizitzak. 1904an ezkondu eta, kronikek diotenez, senarrak lanari utzi zion Gerdaren modeloa bilakatzeko etorkizun handiagoko artista izan arren. Nonbait, halabeharrez gertatu zen hori. Egun batean Gerda modelorik gabe gelditu, eta senarrak neska-modeloarena egitea erabaki zuen. Horrek Einarrengan aspaldiko eta oso barruko desio izkutu bat piztu omen zuen, emakume bilakatzearena, alegia. Einar Wegener Lili Elbe izena hartu eta sexu-aldaketa ebakuntzak jasan zuen lehenengo trans-pertsona izan zen. Horietako bost operazio ondoren, azkenekoan sortutako konplikazioen ondorioz 1931an hil zen.
Gerdak laguntza osoa eman zion Liliri bere trantsizio-prozesuan, eta bizitza sozialean Liliren ahizpa bezala aurkezten zuen bere burua. Operazioen kontua zabaldu zenean Danimarkarko Erregeak baliogabetu zuen haien ezkontza.
Bi emakume horien bizitzaz aurten filma estrainatuko da “The Danish Girl” izenpean. “The Theory of Everything”-en Stephen Hawking zientzialaria antzeztuz Oskar saria jaso berri duen Eddie Redmayne aktoreak jokatuko du Lili Elberen pertsonaia, eta Alicia Vikanderrek Gerdarena. Zuzendaritza lanetan Tom Hooper izango da, “Erregearen Diskurtsoa” filmaren zuzendaria.
Pelikularen izenak singularrean neska bakarra aipatu arren, nire ustez, istorioaren muina eta indarra bien arteko harremanean datza. Dinamarkako bi neska horiek lesbofobia eta transfobia guztiak apurtuz ausartak izan baitziren nahi zuten bizia nahi zuten moduan bizitzeko.
Filmaren fitxa (ingelesez)
Liburua (ingelesez)
Gerda Wegeneren ilustrazioak (klikatu irudietan handiago ikusteko)