Hausnarketa Piramideak

Piramideak

Piramideak

Uko egin diote munduaren formez hitz egiteari: haiei adituz gero, ez dago klaserik, ez patriarkaturik, ez heterozentrismorik, eta, jakina, munduko herritar kolore eta euskara gabeentzat, arraza (edo hizkuntza) ez da (lana) lapurtzera etortzen direnen kolorea besterik. Ez dago sistemarik, natura naturalizatuaz bestalde, dena garai bateko demokrazia bezain organikoa baita.

Gehienez ere, marrak aipatzen dituzte: alde batetik, mugak, pobreetan probreenak ikusezin bihurtzeraino urruti edukitzeko; bestetik, marra gorriak, batere gorritu gabe noiznahi mugitu eta zuritu ditzaketen lerro hauskorrak. Dimentsio bakarreko diskurtso lauak, errealitate polimorfiko batean.

plazfeminista_piramideakEgituren analisirik apenas dagoen, beraz; ezker-eskuinik ere ez (gehienez ere goian-behean aritzen dira, euria bezala). Politikari marxianoek makulu zaharberrituak dituzte, arrunt mundutarrak: hona nire printzipioak; gustatu ez bazaizkizu, lasai, hona beste batzuk. Batez ere, ez daitezela konturatu zer pentsatzen dugun (genuen?). Printzipio batek ez diezazula ken boto bat ere.

Baina kontua da hortxe daudela espazioak, egoskor, bolumenez eta gorputzez beterik, batzuk besteen gainean, hezur-haragizko piramideak goratuz eta mehetuz erpineraino. Eta hortxe ikusten ditugu oraintsu arte behean zeuden batzuk gora behar etengabean: halaxe etorkin pobreak erdeinuz tratatzen dituen homosexual aberatsa, halaxe lesbianen ezkontzari izen hori ukatzen dion hetero aberastu berriak… Erantzun beharreko galdera politiko (nor)berebizikoa: ea piramidean gora egin nahi duzun ala piramide sistema eraitsi.

Irene Arrarats

Author: Irene Arrarats

Leave a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>