Feminismoa mugimendu politiko bat da, botere harremanez gogoeta egin eta patriarkatua auzitan jartzen duena. Asko dugu esateko; izan ere, guk eragin nahi ditugun aldaketek hobetu egingo dute bai emakumeen bizimodua eta bai guk bezala gizarte bidezkoagoa nahi dutenen bizimodua: nahi dugun gizarte horretan, bizia zaintzea izango litzateke ardatza, eta ez pilaketa eta finantza espekulazioa.
Gure egitura horizontala da, eta erabakiak adostasunez hartzen dira, guretzat garrantzitsua baita iritzi guztiak jasotzea eta puntu komunetatik abiaturik elkarrekin aurrera egitea. Oraingo alderdi politikoen alternatiba izan nahi dugu, haietan nagusi baitira egitura hierakikoa, gardentasun falta eta gehiegizko profesionalizazioa.
Plataforma plural eta irekia gara, batzen gaituen horren alde egin nahi dugun feministek osatua. Politika egiteko beste modu batzuk badirela uste duten beste eragile batzuen ondoan lan egin nahi dugu: elkarteak, plataformak, sindikatuak. Herritarrekin eztabaidatu eta aztertu nahi dugu gure programa; ez dugu betiko kanpaina horietako bat egin nahi: herritarren babesa eta esperientzia biltzea izango da gure ardatza. Uste dugu sexu, klase eta arraza harreman asimetrikorik gabe antolatu behar dela gure komunitatea; hau da, behetik gora, eta ez goitik behera.
Guretzat, gai publiko eta pribatuak kudeatzeko erantzukizuna da politika, lehenik eta behin. Gure helburua Donostiako Udalean esku hartzea da, horrela aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa lortzeko eta gizarte bidezkoago batean bizi ahal izateko.
Gure plataforma orain dela hogei urte sortu zen, PLAZANDREOK izenarekin. Azken bost udal hauteskundeetan aurkeztu gara, eta orain TransFormatu egin gara, gure plataforma zabalduz beste talde eta eragile feministentzat. Urteetan, eragile aktiboak izan gara hiriko eta lurraldeko bizimodua aldatzeko. Parte hartu dugu herritar plataforma eta koordinakundeetan, bai eta erakundeek bultzaturiko foro eta herritar kontseiluetan.
Zuk bezalako pertsonak behar ditugu. PlaZAKO boluntarioa izan nahi? Jarri zaitez gurekin harremanetan.
]