Subjektu feminista

Subjektu feminista

Luzaroan, pentsatu izan da feminismoaren subjektua emakumeak zirela; hau da, feminismoak emakumeen eskubideez hitz egiten zuela eta emakumeen bizipenetatik abiatzen zela. Hala, askorentzat, feminismoa kontakizun multiple bat baino ez da, ahots askoren bitartez egina, emakumeen zapalkuntza deitzen dugun horri buruzkoa. Egia da feminismoa bat datorrela emakumeen aldarrikapenen historiarekin, eta emakumeei zer gertatzen zitzaien izaten zuela gehienetan mintzagai.

plazfeminista_myname_feminism

 

Baina, era berean, eta feminismoaren azken joeran aurrera goazen neurrian, bai diskurtso postkolonialek, bai lesbianismo erradikalak eta bai diskurtso posmoderno deitutakoek auzitan jarri dute emakumeak izatea feminismoaren subjektu bakar eta azkena. Arazo batzuk badira subjektu bakarra artikulatzeko orduan:

 

  • Ez dago emakumeak ordezka ditzakeen ezer. Hau da, emakume kategoria bera zatikatua dago, edo, hobeto esanda, beste kategoria batzuek —hau da, arrazak, klaseak, desirak, mugikortasunak, hizkuntzak…— intersekzionatua (intersekzionalitatea); horrek konplexuago bihurtzen du subjektu bat artikulatzea, eta begi bistako kontraesanak sortzen dira emakumeen eskubideez hitz egiteko orduan, zeren, askotan, eskubide horiek kontrajarriak edo gatazkatsuak baitira, emakume guztiek ez dutelako errealitate bera, ezta premia berak ere.

 

  • Gainera, diskurtso transFeministek mahai gainean jarri dute gizon eta emakumeen existentzia naturalik ez dagoela, ezta haien genero eta sexuen existentzia naturalik ere; beraz, auzitan jartzen da gizon ote diren jaiotzean gizon gisa diagnostikaturiko gorputz guztiak, hala nola gorputz desgaitua edo bestelako funtzioak dituena, maritxua…

 

  • Horregatik, gaur egun feminista askok diskurtso kritiko bat dute sexuaren eta generoaren inguruan, eta beste diskriminazio ardatz batzuen inguruan ere bai, ez baitute emakumeez bakarrik hitz egiten: mintzagai dute, era berean, sexuak eta generoak nola egituratzen duten gure bizitza sozial eta indibiduala.

 

Ondorioak:

PlaZ!-ek zabaldu egin du feminismoaren subjektua. Gure kandidatura ez dago emakumeentzat bakarrik pentsatua. PlaZ! kandidaturak plazara atera nahi du gorputzak, pertsona eta bizia ulertzeko beste modu bat. Gizon zuri heterosexual autonomo eta kapitalismoarentzat pentsatutako hori ez da existitzen. Pertsona guztiak gara zaurgarriak eta elkarren mendekoak: beharrak ditugu. Ez dugu emakumeentzako politika egiten: pertsona guztien eskubide oinarrizkoak urra ez daitezen egiten dugu politika.

Politika egiteko gure moduak pertsonak jartzen ditu erdigunean: jendearen bizi premiez arduratzen da; pertsonak askotarikoak garela ulertzen du, eta premia oinarrizkoak ditugula, bete beharrekoak.

Arrazakeria borrokatu nahi dugu, matxismoa, lesbofobia, kapazitismoa, transfobia, eta ingurua zaindu nahi dugu, gizakia zaindu beharko genukeen bezalaxe.

Ez dugu pertsona mota bakar batentzako politika egiten; lan egiten dugu diskriminazioak eragozteko, pobrezia, bazterketa, etxegabetzeak, arrazakeria eta tratu txarrak desagertzeko, eta hori ona da gizarte guztiarentzat. Gure feminismoak herritar guztiez hitz egin nahi du, ez emakumeei gertatzen zaienaz bakarrik, eta badakigu politika egiteko gure moduak hobetu egingo lukeela herritar guztien bizimodua, trebeak baikara diskriminazio eta bidegabekeria mota guztiak agerian uzten.

Feminismoa da, hain zuzen, gizarte bidezkoagoak, orekatuagoak, berdinzaleagoak eta eramangarriagoak lortzeko gehien lan egin duten mugimenduetako bat. Hori da gure apustua.

 

Sexua, generoa eta sexualitatea:

Jeneralean, klase politikoak apenas hitz egiten duen sexualitateaz. Gure gizarteak arrunt puritanoak dira, eta klase politikoari ez zaio interesatzen sexualitatea lantzea. Horren ondorioz, gai hori pertsonen intimitatetzat jo ohi den horretan geratu ohi da. Moraltasunarekin lotzen da, eta, normalean, elizako botere atzerakoienek gehiago hitz egiten dute sexualitateaz, familiaz eta abortuaz, klase politikoak baino.

Sexua, generoa eta sexualitatea kontu funtsezkoak dira pertsonen bizitzan. Hiru elementu horiek markatzen dute, beste batzuekin batera (arraza, klasea, bestelakotasun funtzionala), zer garen, nola mugitzen garen, nola ulertzen dugun mundua, zer desiratzen dugun.

 

plazfeminista_sexu_genero

 

 

 

Gaur egun, heteronormatibitatea erregimen bat da, gorputz normalak eta anormalak bereizten dituena. Zakilarekin jaiotako gorputzak gizon izatera behartzen ditu, eta esaten du ezinezkoa dela gizon batek bagina izatea. Esaten digute normala hetero izatea dela, zuria, familia nuklear bat izatea… baina eredu hori krisian dago. Oraingo ereduak —aita soldataduna, ama ugaltzaile eta haur-zaintzailea— ez du funtzionatzen; unitate hori ez da nahikoa gure bizitzak behar duen zaintza kudeatzeko. Horren erakugarri da jaiotza tasaren jaitsiera; gizarte honetan, biziari eusten dioten lan gehienak ikusezinak dira, eta, gero eta nabariago, ia ezinezkoa da bizirik irautea.

Plaz!-ek ikusgai jarriko ditu beste eredu batzuk; erakutsi nahi dugu bestelako bizikidetza unitate batzuk sor ditzakegula, gizon izateko bestelako moduak ere badirela, gizon batzuek bagina dutela, emakume batzuek zakila dutela.

Ikusgai jarri behar da ez dagoela desira normal bat eta desira anormal bat, sexualitatea askoz ere gehiago dela heterosexuala edo lesbiana izatea baino, pertsona batek aldi desberdinak izan ditzakeela bere bizitzan.

Gure gizartea sexuarekin obsesionatuta dago. Horren erakusgarri da Interneten pornografia kontsumitzen dela gehien, eta sexu lana ere asko. Eta nahiz eta hori jende guztiak dakien, ez da hitz egiten horretaz: tabu bat da.

 

PlaZ!-en, sexualitateaz hitz egin nahi dugu, eta politika egin kontuan harturik pertsona guztien sexua, generoa eta desira. Nork bere gorputzaren gaineko eskubidea izatea nahi dugu, gorputza nahi duen bezala bizitzeko, gozatzeko eta bizimodu sexualki betea izateko. Generoaren eraikuntzari dagokionez, bakoitza izan dadila gizon nahiz emakume nahi duen maneran, betiere matxismorik gabe, hori bestearen mendekotasunean oinarritzen baita, eta ez gizon eta ez emakume izan nahi ez dutenek modua izan dezatela horrela bizitzeko. Azkenik, lortu nahi dugu pertsonek bizimodu betea izan dezatela gorputzari dagokionez, gorputza edonolakoa dela ere. Lan egingo dugu beste erreferente batzuk sortzeko, bestelako funtzioak dituzten gorputzen sexualitatea aldarrikatzeko, sexofobiaren eta gizenfobiaren kontra borrokatzeko, gure gorputza geuk kudeatu ahal izateko eta tutoretzapean ez egoteko: zainduak bai, baina estatuak infantilizatuak eta kudeatuak ez.

 

Prostituzioa // Pornografia:

Luzaroan, mugimendu feminista bi joeratan zatiturik egon da: batetik, abolizionista; bestetik, sexu langileen lan eskubideak arautzearen aldekoa. Gaur egun, biko oposizio hori gainditzea proposatzen da: hasteko, estrategia praktiko gisa, ezinezkoa da prostituzioa abolitzea, ez baikenuke hura deuseztatzea lortuko, lau urtean soldatapeko lana ezin deuseztatuko genukeen bezala.

Garrantzitsua da jarrera bat adostea prostituzioaren inguruan, batez ere sexu langileen bizimodua eta lan baldintzak hobetzeko.

Gaur egun, modu estrategikoan, prostituzioa etxeko lanarekin lotzen da; hau da, emakumeari sexu kontratuak, ezkontzak, dakarzkion lanekin. Lan horien artean daude sexua eta gizaseme zintzoa zaintzea. Beraz, bai prostituzioa eta bai etxeko lanak “zaintza sexualaren” lana externalizatzeko moduak dira.

 

red-light-secrets-museum

 

PlaZ!-ek lan egingo du gai hau agenda politikoan sartzeko, eta ez prostituzioa abolitzeko, baizik eta haien bizi-baldintzak hobetzeko eta estigmaren kontra borrokatzeko. Ezinbestekoa da sexu langileak lehen mailako herritarrak direla onar dadin.

Ikusarazi behar da nolako egoeran dauden prostituta asko: lokaletan lan eginez, 24 orduko etxebizitzetan, lokal ezin ezagunago eta legezko batzuen jabe diren gizon batzuek zapalduta. Donostian, ezkutuko prostituzioa oso zabaldua dago; garrantzitsua da hori ikusaraztea, eta salatzea matxismoak nola jokatzen duen alor horretan.

PlaZ!-ek etxeko lanekin duen konpromisoa du, era berean, sexu langileekin ere.

 

Arrazakeriaren kontrakoak:

Feminismo dekolonialari esker, ikasi dugu Europa periferiatik eraikitzen dela. Mendebaldea aberatsa izatea ez da zorte kontu bat: historian, Europak beste leku batzuk konkistatu ditu, haien baliabideak lapurtu, eta pertsonak esklabo bihurtu; horregatik da aberatsa. Gaur egun, logika horretan bizi gara oraindik ere, eta halaxe ikusten da zapalkuntzaren kate globaletan: emakume migratuak kontratatzen ditugu, eta gu lan merkatura ateratzen gara; Bangladesheko emakume batzuek gure arropa josten dute, egunean hiru euro baino gutxiago irabazita, gu Mendebaldean modan jantzi gaitezen. Garrantzitsua da tokian tokikoan oinarriturik gizarte bidezkoagoa nola egin pentsatzea, baina garrantzitsua da, era berean, zapalkuntza harreman globalik ez sortzea.

plazfeminista_beloa

Badakigu, gainera, indarrean daudela diskurtso arrazistak eta zenbait talderi gehiago erasaten dietela, hala nola emakume musulmanei, eta hor dago beloaren kontrako erasoa. Laguntzak eskatu eta iruzurra egitea leporatzen zaie migratutakoei, eta bereziki matxista izatea egozten zaio haien kulturari, gure gizartearen eta gure kulturaren matxismoa ezkutatzearekin batera.

Emakumeek generoarekin loturiko hainbat marka eraman ditzakete: takoiak, belarritakoak, ile luzea, beloa… Gure gizarte honek beloa kritikatzen du, baina lasai ederrean sortzen ditu hezur hutsa diren modeloak.

PlaZ!-ek sekula ez du emakumeen kontrako neurririk hartuko, ez du debekatuko neskato belodunak eskolara joatea, eta ez die galaraziko autobus batera igotzeko eskubidea.

PlaZ!-ek emakumeen ahalduntzea landu nahi du, parte hartze soziopolitikoa bultzatu, eta ez isunak eta zigorrak jarri.