bagera

bagera

Josebe Iturrioz: “Euskarak eta berdintasunak estrategia bera partekatzen dute, transbertsalitatearena”

Hizkuntza politiken inguruko mahai ingurua antolatu zuen atzo Bagerak, eta bertan izan ginen Donostiako udal hauteskundeetara aurkezten garen alderdi ia guztiak (PP eta UPyD izan ezik).
Josebe Iturriozek azaldu zituen hizkuntza politiken inguruan PlaZ!-en ardatzak (behean irakurgarri). Besteak beste, Donostian euskara erdigunean jarri eta benetako arnasgune izateko helburua mahaigaineratu zuen, eta hala nola, euskarak eta berdintasunak zein feminismoak politika egiterako orduan dituzten antzekotasunak azpimarratu zituen; “Euskarak eta berdintasunak estrategia bera partekatzen dute, transbertsalitatea”, azaldu zuen.

Hemen duzue Zuzeu-k jasotako kronika, gainontzeko hautagaien proposamenekin. Eta baita Iturriozen hitzak ere.

 

Abiapuntua: Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza, eta euskaldunok eskubidea dugu bertan euskaraz bizitzeko. Donostia euskararen erdigunean dago, eta euskarak erdigunean egon behar du Donostian.

Euskarari arnasguneak eman behar zaizkio, baita hirietan ere, eta neurri aktiboak hartu behar dira.

Hizkuntz politika modu transbersalean landu behar da, eta sentsibilitate hori erne izan, gainerako arloak lantzeko orduan ere. Feministok ondo dakigu zer ekartzen duen gai bat aparte lantzeak, gutxi batzuen gai berezi bat izango balitz bezala hartzeak. Ikuspegi globala behar da: esaterako, kirola lantzen duenak ez ditzala ahaztu emakumeen eskubideak, eta, era berean, gai sindikalak lantzen dituenak ez ditzala ahaztu euskaldunon eskubideak. Feminismoaren ikuspegi holistikoan bete-betean sartzen dira hiztunen eskubideak.

Administrazioek baliabideak jarri behar dituzte euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko. Baliabide efektiboak eta praktikoak, eskubide hori egiazkoa izan dadin.

Hizkuntza kultura da, zentzurik zabalenean, eta Donostia da euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat. Euskarak bere tokia izan behar du hiriaren adierazpide kulturaletan: Zinemaldian eta gainerako zinema eta antzerki jaialdietan, handietan zein txikietan; kontzertuetan, jaietan, hitzaldietan, jardunaldietan; Tabakaleran…

Herritarren parte hartzea eta gizarte eragileekiko elkarlana: euskalgintza gogor ari da lanean, administrazioaren hutsuneak betetzen eta euskal kultura aberasten, herritarren sostenguz: Bagera, Irutxuloko Hitza, Gaztezulo, AEK, Bizarrain (Altzako euskara elkartea), Euskal Herrian Euskaraz… Euskalgintzarekin batera lan egin behar da, hari entzun eta harekin adostu neurri konkretuak, administrazioaz haratago ere euskaldunon eskubideak bermatzeko, betiere kontuan harturik zein den errealitate soziolinguistikoa.