Irene Arrarats

Irene Arrarats

plazfeminista_politika_ur

Politika ere ur

Gauza gutxik dute politikak baino fama txarragoa; hain txarra, non zerbait politizatzea ur garbia kutsatzearen parekoa baita: “Ez politizatu futbola”, “dena politizatzen zabiltzate”, “erabaki pertsonal bat da: ez ezazue politizatu”… Zerbait politizatzea, politikaratzea, lohitu nahi izatea da, ur gardenak uhertzea, zertarako eta nork bere sorora eramateko, dauden-daudenean utzi beharrean.

Horra gauzen ordena naturala: ura bare-bare uztea, eta, beraz, ikusezin. Arrainek ez baitute ikusten ura.

plazfeminista_politika_ur“Ideologiak ikusezina denean funtzionatzen du, norbera erne ez dagoenean”. Ernetasuna aipatzen du Slavoj Žižek-ek, eta betaurreko moreak feministek. Begiak zolitu ezean, ez dago ideologia hegemonikoa ikusterik, ezta hark normaltzat eta berezkotzat jotzen duena ere, inguratua egonagatik: Donostian, kioskoan periodikua eskatuz gero, horrelaxe, izen propiorik gabe, ideologia (hegemoniko) ikusezina duen egunkaria emango dizute, ez si eta ez no; medikuaz eta erizainaz mintzo bazara, besterik zehaztu gabe, gizon bat eta emakume bat direla pentsatuko du ospitalea emakume medikuz betea ikusi duenak ere; emakumea izanik zure neska-laguna aipatzen baduzu, lesbianen pankarta atera duzula pentsatuko du atertu gabe bere bikotekideaz hitz egin ohi dizun heterosexualak…

Ideologia hegemonikoan igeri. Hura da gure ura.

Irene Arrarats

plazfeminista_simonedebeauvoir

Lehentasun kontua

Simone de Beauvoirrek ordinal batekin laburtu zuen emakumeek menderik mende izandako destinoa: bigarren sexua. Hurrenkeran eta gainerako guztian bigarrena; lehentasunik gabea, definizioz eta berez. Imajinario oso bat dugu horren zerbitzuko (gure kulturan, saihets famatua), eta makineria oso bat hori egia bihurtzeko.

Horren atzean, bestetasuna: emakumeen gauzak zuen gauzak dira, ez unibertsalak, ez guztienak; beraz, bigarren mailakoak. Eta halaxe pasatu dira mendeak… mendean. Feminismoaren (feminismoen) borroka luzea bigarrentasun horren kontrakoa da, eta, ikuspegi holistiko batez, bigarrentasun guztien kontrakoa, solidarioa baita beste bigarren guztiekin, bidegabekeriak zapalduriko guztiekin.

Mundua bitan banatzen denean, bigarrena beti da azkena. Eta kontua ez da bigarrena lehen bihurtze hutsa: kontua da mundua bitan ez banatzea. Horra lehentasuna.